Zinemaldia bukatuta eta Urriaren hasierarekin hementxe gara beste denboraldi bati hasiera emateko prest!
Denboraldiari hasiera emateko, urriaren 9an, duela hilabete batzuk zendu zen Jerry Lewis zuzendari eta aktore bikainari omenaldi bat prestatu diogu, bere film famatuenetako bat jarriz, THE NUTTY PROFESSOR (Jerry Lewis, 1963) hain zuzen. Filma aurkezteko Fernando Mikelajauregui Kresalako kide ohia izango dugu gurekin.
Urriaren 23an, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 28. Astearekin elkarlanean, beldurrezko zinemaren klasiko bat, NIGHT OF THE LIVING DEAD (George A. Romero, 1968), bide batez azkenaldi hontan utzi gaituen beste zuzendari handi bati omenaldia egiteko aprobetxatuz.
Jada azaroan sartuta, hilaren 6an, LAS LÁGRIMAS DE ÁFRICA (Amparo Climent, 2015) dokumentala eskainiko dugu. Urtero bezala Pobreza Cero plataformako lagunekin antolatutako saio hau doan izango da, eta Amparo Climent zuzendaria izango dugu Trueban filma aurkezteko.
Azaroaren 13an beste kolaborazio batekin gatoz, oraingoan Donostiako Kalapie elkartearekin. Bizikleta ardatz duten filmekin osatutako saio bikoitza prestatu dugu, HOMBRE ELECTRICO (Alvaro Muñoz Rodriguez, 2016) film laburra eta LES TRIPLETTES DE BELLEVILLE (Sylvain Chomet, 2003) animaziozko filmekin.
Eta bi-hilabeteari amaiera emateko beste saio bikoitz bat. Iaz Kresala Zinekluba Saria eskuratu zuen Blanca Zaragüetak Joseba Huegunekin batera zuzendutako AQUÍ ES POSIBLE, COMUNICACIÓN S.L. (Blanca Zaragüeta, Joseba Huegun, 2016) laburmetraia, eta, ondoren, GIRL ASLEEP (Rosemary Myers, 2015) komedia australiarra. Blanca Zaragüeta eta Joseba Huegun zuzendariak eta Enrike Amilibia aktorea izango ditugu gurekin.