Apirila – Maiatza: Programazioa

Apirileko eta maiatzeko programazioa prest dugu jada, udako oporrak hartu aurretik ikusiko ditugun lau filmak.

Aste Santuko etenaren ondoren, apirilaren 9an, astelehena, denboraldi berriari hasiera emango diogu Sundance, Berlin eta Toronto bezalako zinema jaialdietan hogeita hamar bat sari jaso dituen TIERRA DE DIOS (God’s Own CountryFrancis Lee, 2017) britaniar dramarekin. Kimuak programako koordinatzaile Esther Caberok aurkeztuko du pelikula eta gidatuko du proiekzio ondorengo solasaldia. 

Apirilaren 16an JEANNETTE, LA INFANCIA DE JUANA DE ARCO (Jeannette, l’enfance de Jeanne d’Arc, Bruno Dumont, 2017) musikalaren txanda iritsiko da, Juana de Arco haurra zeneko urteak kontatzen dituen pelikula originala, eta areto komertzialetan estreinaldirik izan ez duelako zinema zaleek irrikaz espero duten ekoizpena. Zineklubaren laguna, idazlea eta zinema zale amorratua den Zigor Etxebestek aurkeztuko du.

Hurrengo hilean, maiatzaren 14anFestival Internacional de Cinema d’Autor de Barcelona zinema jaialdiarekin elkarlanean, A CIAMBRA (Jonas Carpignano, 2017) pelikularen estreinaldia eskainiko dugu, Cannes edo Sevilla zinema jaialdietan saritua izan den familiaren garrantziari buruzko italiar drama. 

Aurreko urteetan egin dugun moduan, zineklubaren ikusleei euren arreta eskertzeko, maiatzaren 21ean programazioa ‘Publikoaren pelikula’-rekin itxiko dugu, zinema italiarraren bost klasikoen artean aukeratua izan den filma: ARROZ AMARGO (Riso Amaro, Giuseppe De Santis, 1949). Vittorio Gassman eta Silvana Mangano aktoreak protagonista dituen maisulana aurkezteko Juan Berasategui gonbidatuko dugu, Kresala zineklubaren sortzailea.

Leave a Reply