Abuztuan Kresala Zineklubeko aurre-denboraldiari ekingo diogu, pasaden Zinemaldiko lau pelikula berreskuratuz.

Abuztuaren 19an hasiko dugu errepasoa Maria Alcheren FAMILIA SUMERGIDA filmarekin, Zinemaldiko 66º edizioaren Horizontes Latinos saileko garailea eta Bartzelonako D’A Film Festival-en “Premi Talents” eta “Premi de la critica” sariak irabazi zituena. Filme argentinar honetan Marcela ezagutuko dugu, ahizpa hil berri zaion emakumea.
Zinea.eus webguneko kritikari berria eta Tabakalerako ikusentzun arloko koordinatzaile den Sara Hernándezek aurkeztuko du filma.

Abuztuaren 26an Hu Bo zinemagile txinatarraren AN ELEPHANT SITTING STILL filma emango dugu. Bere luzemetrai bakarra da, postprodukzioa amaitu ondoren bere buruaz beste egin bait zuen zuzendariak. Lau ordutako filme hau Berlinaleko 68º edizioan aurkeztu zen eta epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen. Ondoren, Donostian Zabaltegi sailean leihatu zen eta Bartzelonako D’A Festival-en ikuslegoaren saria jaso zuen.
Filmea zuzendariak idatzitako istorio labur batzuetan oinarrituta dago. Manzhouli-n beti geldi dagoen elefante bat omen dago, ez du zirkinik ere egiten iseka eta burla anitz jaso arren. Filmeko pertsonaia desberdinek kondaria hori izango dute beraien bizitzan aurrera egiteko helduleku.

Irailaren 2an DILILI A PARIS, Michel Oceloten animaziozko azken lana, Animaziozko filme onenaren Cesar saria lortu zuena.
Belle Epoque-ko Paris-a eramango gaitu filmeak, bertan neskatoen bahiketak argitzen saiatuko da Dilili. Kasua argintzen duen bitartean garaiko pertsonai ezagunekin topo egingo du. Adibidez, Lumiere anaiekin, Gustave Eiffelekin, Sarah Bernhardtekin, Gertrude Steinekin edo Marie Curierekin.
Familiako kide guztiek batera gozatu ahalko duten emanaldia aurkezten B-Egia, gizarte eta ingurumenaren garapenerako zinemagintza elkarteko kideak izango ditugu.

Amaitzeko, irailaren 9an Hiroshi Okuyama zinemagile japoniarraren lehen lan bitxia ikusiko dugu, JESÚS. Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean leihatu zen eta Kutxabank saria eraman zuen.
Yura ezagutuko dugu. Aitona hil zaio eta amonarekin bizitzera joango da bere gurasoekin batera. Hiriz aldatzeaz gain eskolaz ere aldatu beharko du eta bera budista izan arren eskola katoliko batera joango da.
Proiekzioa El Contraplano taldeko Sandra Rozasek aurkeztuko du.