Maria Alchek zuzendutako lehen filma da FAMILIA SUMERGIDA: famili oroitzapenen eta harremanen inguruko gogoeta islatzen duena. Alché bazen jadanik ezaguna zinema argentinarrean, bai Lucrecia Martelen LA NIÑA SANTA filmean protagonistaren lana egin zuelako, eta baita zinema-jaialdietan sarituak izan diren hainbat film labur zuzendu dituelako ere. Orain, lehen luzemetrai honek, nazioarteko bultzada eman dio, eta kritikak etorkizun oparoa iragarri dio metraje luzeko filmen zuzendari bezala ere.
FAMILIA SUMERGIDA proiektu pertsonala izan da une oro Alcherentzat, izan ere, bere amona eta izeba familiaren oroitzapenei buruz solasaldian entzun zituztela bururatu baizitzaion famili kontuen inguruan hausnarketa egitea. Hala, 2012an argazkigintza proiektu bezala hasi zena, 2018an fikziozko film bilakatu zen.
FAMILIA SUMERGIDAn Alchek Marcelaren erretratu fina eta sentikorra egiten du: Marcela Buenos Airesen bizi da, lan bidaiak direla maiz kanpoan dagoen senarra eta hiru seme-alaba nerabeekin. Udan, ahizpa hil ondoko dolua gainditzen duen bitartean, honen ondasunen banaketa egin eta egunerokotasunean berriro ere murgilduko da: alaba baten desamodioa, besteek logela partekatzeagatik dituzten haserreak edo konpondu behar den garbigailua, besteak beste. Bere inguruan bizitzak aurrera egiten badu ere, berea da orain familiaren historian oraina eraikitzeko ardura, eta iraganera joko du behin eta berriro behar dituen erantzunen bila. Hasiera batean buruhauste honek oraingo eta uneaz gozatzen utziko ez badio ere, seme-alabek emango diote adore, pixkanaka, erronkari aurre egiteko. Gainera, alabaren lagun gazte bat ezagutuko du, bera ere krisi pertsonal partikularra jasaten ari dena, eta Marcela aske eta adoretsu sentiaraztea bultzatuko duena.
Mercedes Moran aktore ospetsua dugu Marcelaren azalean. Ez da harritzekoa Alchek bera aukeratu izana berarekin egin baitzuen lan aurretik LA NIÑA SANTA filmean. Hain da ona Moranen antzezpena eta beste famili kideena, ezen ikusleak familiaren gorabeheren partaide sentiarazten dituzten. Azken finean, nori ez dizkio inoiz famili kontu batek taxuzko buruhausteak sortu? Aipagarria da, halaber, nola Marcelaren sentimenduak meheki antzematen diren film osoan zehar, baita abailtzeko arriskuan dagoela dirudienean ere. Filmaren une gorena Marcela semeari etxerako lanekin laguntzen dagoela, begiak malkotu eta negarrez ez urtzen saiatzen denean da. Sekuentzia honen indarrak zur eta lur utzi ninduen!
Marcelaren “krisi existentziala”-ri buruzko film errealista den arren, Alche elementu surrealistak erabiltzen menturatuko da bere filmografian ohikoa den bezala. Soinu banda anitzaren bitartez islatuko du etxeko giroa, dibertigarria bezain itogarria; bai familiak abesten eta dantzatzen dituen abesti ezagunen bidez, bai deseroso sentiarazten dizuten piano doinuak tartekatuz. Eta azkenik, FAMILIA SUMERGIDAK Hélène Louvarten kutsua ere badu, eskarmentu handiko argazki zuzendariarena (Claire Denis, Mia Hansen-Love, Agnés Varda edo Jaime Rosalesen filmetan egin du lan Louvartenek). Marcelaren izaera desberdinak azpimarratzeko iluminazio kontrasteekin jolasten du Louvartenek. Adi egon, esaterako, egongelako errezelak ematen duten informazioari…
Heldutasun, xarma eta zintzotasun handiz erakusten digu FAMILIA SUMERGIDAK Marcelak bizi duen gogoaren beheraldiak dakartzen ondorioak, guri edo gure inguruko edonori gertatu zitzaiokeenak. Zinemaldiko Zinema Eraikitzen sailerako hautatua izan ondoren, Locarnoko jaialdiko Cineasti del Presente sailean estreinatu zen iaz. Eta hau gutxi balitz, azken Zinemaldiko Horizontes Latinos saileko saria ere irabazi zuen.
Egilea: Sara Hernandez
Jatorria: zinea.eus