THE BREADWINNER (Izaskun Montes)

Berriro egin dute. The Secret of Kellsek bere irudien edertasunagatik eta sortzen den sustraiei eusten dielako garai guztietako animazio zineman ohorezko postua merezi badu, ekoiztetxe bereko lan berri hau ez da atzean geratzen.

Lehen unetik desarmatzen gaituen sentiberatasun batekin, Parvanaren historia kontatzen digu, eta, haren bidez, Afganistangoa, munduko sabaiaren magalean kokatutako herrialdea. Milaka urteko kulturen bidegurutze bat, gerrek etengabe suntsitua. Suaren seme-alaben nazioa. “Kontatu zetaren ibilbideari buruz dakizuna”, eskatzen dio aitak Parvanari, ahots leun eta pausatuaz, eta, lehen une hartatik, haren istorioan sartzen gara.

Afganistango kulturaren berezko elementuak erabiliz, Anita Doron eta Deborah Ellisek milaka urteko historian murgiltzen gaituzte txotxongilo antzerki oso aberats eta biziaren bidez.

Hindu Kushen oinean. Horrela hasten da Parvana behin eta berriz babesten den istorioa, batzuetan anaiari lo egiteko edo besteetan amaren arima nekatua sendatzeko. Munstroa lasaitzeko, gure historiaren amaieran. “Suleiman dut izena”, esango dio heroiak, ahots argi eta indartsuz, gerraren munstroari. Hindu Kush gainean bizi den elefante erregeari.

2 errealitate ditugu parez pare, kolore neutro eta gastatuekin Parvanarena, non familian gizonik gabe ezin duten ezer erosi, saldu ezta kalera irten ere. Bere herria salbatzen duen mutilari buruzko istorioa ordea kolore biziz, altxorrez, ahots propioa duten emakume jakintsuz beteta dago, zeintzuk herriari dena kendu dioten piztiak garaitzen laguntzen dioten. Parvanaren istorioa garatu ahala, heroiarena ere aurrera doa, munstro handira gero eta gehiago hurbiltzen den bitartean.

Azken finean, heroi orok munstro bat behar du bere balioa erakusteko. Merezi duen bidaia iniziatibo orok hiru proba behar ditu, eta hiru objektu probak gainditzeko. Kontziente izan ala ez, objektu magikoak heroiari emango dizkioten hiru laguntzaile: zerbait distiratsua, harrapatzen duen zerbait, lasaitzen duen zerbait.

Heroiarentzat, ispilua, sarea bat eta ipuin bat izango dira. Parvanarentzat, heroiarena bezain arriskutsua den mundu batean, Guraize batzuk, zetazko soineko bat eta ipuin bat. “Hindu Kushen oinean”.

Ez dakigu Suleimanek munstroa garaitzen duen, Lapurtutako altxorra bere herrira itzultzea lortzen den. Gure begirada Parvanarengana itzuli beharko litzateke ipuina nola amaitzen den jakiteko.

Leave a Reply