BABY (Ander Gisasola)

Amatasunari oihua

Abenduaren 4a-n zinema aretoetan estreinatzen den ipuin bat gomendatzera gatoz gaur, Juanma Bajo Ulloak erditu duen ipuin berria, orain arteko lanik pertsonal eta unibertsalena.

Euskal herrian errodatua egon arren, eta paisaia eta lekuak  ezagutzen ditugun arren, munduko ia edozein txokotan gerta daitekeen istorio bat da. Zuzendariak maisuki uztartzen ditu naturan grabatutako animalien eszenak, eta beraiek izango dira gertakizunak josiko dituzten ariak.

Bizitza hasten den bezala filma ere erditze batekin hasten da, Rosy Dayk interpretatzen duen pertsonaiaren erditzearekin. Segituan konturatuko gara hurrengo 100 minutuetan biziko dugun esperientzia berezia izango dela, jaio berri den haur horren eta naturaren hotsak izango bait dira entzungo dugun guztia.  

Laster konturatuko gara, protagonista heroina eta alkohol kontsumitzailea dela, putzu sakon eta ilun batean dagoela eta umeaz kargu nahi egin arren ez duela lortzen zulotik irtetea.

Dituen zor eta erantzukizunei aurre egin ezin diela ikusita Charo Lopez etxejabearen aholkuari jarraitu eta umea saltzeko egiten dioten eskaintza onartzen du. Erabakiaz laster damutu eta hor hasiko da haurra berreskuratzeko bidaia.

Aurrean 3 emakume izango ditu, Harriet Sansom Harris, Natalia Tena eta Mafalda Carbonell emakumearen 3 etapa hezur-haragitzen. 3 gorputz eta 3 izaera desberdin dira haurren salerosketaren negozioaren buru direnak, bakoitzaren zergati eta helburuak filmak aurrera egin ahala ezagutuko ditugu.

Pelikulan zehar pertsonaiek ez dute beraien artean hitzik egiten, erabaki horrek antzezleei lan potenteagoa eskatzen die, baita zuzendariari ere, dituen beste baliabide guztiak zukutu behar dituelako, eta denak topera zukutu dituela esango nuke. Azpimarratzekotan Bingen Mendizabal eta Koldo Uriarteren lana musika sortzerako garaian.

Beldurrezko filmen kategorian sartu duten arren, nik ez nuke horrela definituko. Feminitatea, maitasuna eta amatasuna bizitzeko modu ezberdinen arteko bidai bat da, hori bai modu gordin eta krudelean.


Leave a Reply