WONG KAR-WAI ATZERA BEGIRAKOA

Urte berri bat eta atzera begirako berri bat. Oraingoan, Wong Kar-Wai-en hainbat film ekarriko ditugu. Film horiek, berriki zaharberrituta daude eta Avalon banatzaileak, espainiar estatuan banatuko ditu. Aukera ederra, asiar zinemagilearen lana ezagutzeko edo berriz ikusteko.

IN THE MOOD FOR LOVE filmaren 20.urteurrenean berresteinaldia aprobetxatuz, sei film hauek pantaila handian ikusteko aukera eskainiko degu:

  • Urtarrilla: 2046
  • Otsaila: AS TEARS GO BY
  • Martxoa: DAYS OF BEING WILD
  • Apirila: CHUNGKING EXPRESS
  • Maiatza: FALLEN ANGELS
  • Ekaina: HAPPY TOGETHER

Proiekzioen egun konkretua, hilabetez hilabete argitzen juango gara. Horregatik, adi egon gure sare sozialetara eta webgunera. Gogoratu, Instagramean, Twitter-ean eta Facebook-en gaudela.



WONG KAR-WAI BIOGRAFIA:

Wang Jiawei Txinan jaio zen, Shangain, 1958an. Bost urterekin orduan britaniar kolonia zen Hong Kong-era joan zen bizitzera, eta bertan Wong Kar Wai izena hartu zuen. Chungking Mansions eraikinetik gertu bizi zen. Eraikin honetan etxebizitza merkeak, jatetxeak eta mota desberdinetako dendak daude, bere filmen inspirazio bihurtu dituenak.

Bere ama zine zaleak zinema aretoetara  eramaten zuen Wong Kar Wai, non mota desberdinetako filmak ikusten zituzten. Hauek izango dira zuzendariaren inspirazio iturri zuzenak, ez bait du inoiz zinemagintza ikasiko. 1980an diseinu grafikoan graduatu zen eta ondoren produkzio ikastaro bat egingo zuen. Urte askotan Hong Kong-eko telebistarako ekoizle eta gidoilari lanetan aritu ondoren1988an egin zuen bere lehen filma, “As tears go by”, Canneseko Zinemaldiaren Kritikaren Astean arrakasta handiz estreinatu zena.

Lan egiteko modu berezi batekin, aurrez ezarritako gidoirik gabe egingo baitu lan, gidoiak filmaketa aurrera doan heinean osatzen ditu, eszena bakoitza filmatu aurretik idazten. 1990ean “Days of Being Wild” filma errodatzen du, bere ohiko argazki zuzendari bihurtuko den Christopher Doyle-kin. Bien arteko elkarlanetik sortuko da bere filmetan hain esanguratsu den estetika bisuala.

Wong Kar Wai-en filmetako pertsonaiak bakartiak izan ohi dira, orainaldiari heltzen saiatzen ari diren pertsonaiak, iragana ahaztu nahian. Horrela, bere filmak denborari buruzko hausnarketak izan ohi dira. Zuzendariak oroitzapenak, gabeziak… antzeman eta ikusleari modu poetiko batean ematen dizkio, horretarako kolore, kamera geldo edota musikaz baliatuz, bere zinemaren kontenplazioaren esperientzia paregabe bihurtzen delarik.

1994an “Ashes of Time” filma aurkeztu zuen, porrot galanta izan zena. Urte berean, bi astetan grabatutako “Chungking Express” filmak bere ibilbideari bultzada ikaragarria eman zion, Quentin Tarantino zuzendariaren eta Cahiers du Cinema aldizkariaren onespena jasoko bait zituen. 1995ean berak esperimentaltzat jotzen duen “Fallen Angels” filma Torontoko zinemaldian aurkeztu zen. 1997an, “Happy Together” filmarekin zuzendari onenaren paria jaso zuen Cannes-eko zinemaldian. 2000. urtean “In the mood for love”, bere film ezagunena aurkeztu zuen Cannes-en, eta Oscar-etara izendapena jaso film atzerritar onenaren kategorian. “2046” ere Cannes-en aurkeztu zen, kritikaren artean izugarrizko arrakasta lortuz. Ondoren, Estatu Batuetan “My Blueberry Nights” filma errodatu zuen, eta azkenik, 2013an orain arte bere azken lan luzea dena, “The Grandmaster”, Hau Berlinalen estreinatu zen.

Leave a Reply