ROBERT BRESSON ATZERABEGIRAKOA

Kenji Mizoguchi eta Wong Kar Waien atzerabegirako arrakastatsuen ondoren, Asiatik Frantziara goaz. Datozen hilabeteetan zehar Robert Bressonen 13 luzemetraietatik 9 eskeiniko dizkizuegu 2021eko urria eta 2022ko ekaina bitartean, zinemagile bikain onen filmografian murgiltzeko; Susan Sontagen hitzetan “estilo espiritualaren maisu” dena edo Paul Schraderrek dioen bezela, “estilo transzendentalaren ordezkari nagusia”.

Hemen duzue atzerabegirakoaren filmak:

  • Urria: AL AZAR, BALTASAR
  • Azaroa: MOUCHETTE
  • Abendua: DIARIO DE UN CURA RURAL
  • Urtarrilla: UN CONDENADO A MUERTE SE HA ESCAPADO
  • Otsaila: PICKPOCKET
  • Martxoa: EL PROCESO DE JUANA DE ARCO
  • Apirila: LANCELOT DU LAC
  • Maiatza: EL DIABLO, PROBABLEMENTE
  • Ekaina: EL DINERO

Proiekzioen egun konkretua, hilabetez hilabete argitzen juango gara. Horregatik, adi egon gure sare sozialetara eta webgunera. Gogoratu, InstagrameanTwitter-ean eta Facebook-en gaudela.


ROBERT BRESSON

Robert Bresson 1901ean jaio zen frantziako Bromont-Lamothe herrian. Argazkigintzan eta margolaritzan hastapenak egin ondoren, 30. hamarkadan alde batera utzi eta zinema munduan murgilduko da, script bezala lanean C’était un musicien (1933) filmean lehenengo, eta Les Affaires publiques (1934) film laburra zuzentzen ondoren. Beste bi filmetan script moduan aritu eta gero, Bigarren Mundu Gerra hasieran alemanek atxilotuko dute eta kontzentrazio-esparru batean pasako du urte bat baino gehiago.

1943an bere 13 filmen lehena zuzenduko du, Les anges du péché, Zinema Frantsesaren Sari Nagusia eskuratuz. Bi urte beranduago Les dames du Bois de Boulogne, filma kaleratuko du, Dideroten testu batetik abiatuz eta Jean Cocteauk idatzitako elkarrizketekin. Argitara aterako ez diren hainbat proiektutan parte hartu ondoren 1949an, Jean Cocteau eta Roger Leenhardt-ekin batera Objetif 49 zinema aldizkaria sortuko du. Bertan ondorengo Cahiers du Cinéma n partaide izango diren izen asko arituko dira.

1950ean Georges Bernanosen elaberrian oinarritutako Journal d’un curé de campagne filma errodatzen hasiko da, bere ibilaldian lehen aldiz aktore ez profesionalekin, bere ibilbidean esperientzia esanguratsua izango dena. Bressonen hitzetan: “Nere sistema (antisistema esan beharko nuke) bermatu nuen: ez aktorerik, ez eszenaratzerik, distantzia aktoreen eta asmatutako pertsonaien artean, ezustekoak ziurtasunaren ordez…” Filmak sari asko jasoko ditu, tartean 1951. Veneziako Zinemaldiko Sari Nagusia. 1956an, Andre Devignyren kontakizun batetik abiatuta Un condamné a mort s’est eéchappé ou le vent souffle ou il veut filma estreinatuko du, Cannesen zuzendari onenaren saria jasoko duena 1957ko edizioan. Ondoren, Crimen y Castigo liburuan libreki inspiratuta, Pickpocket (1957) filma eta Procés de Jeanne D’Arc (1962) filmeak kaleratuko ditu. 1963an Italian Dino de Laurentiisekin Genesiaren bertsio batean lanean hasiko da, baina produktorearekin tirabirak izan ondoren kaleratu egingo dute.

1964 eta 1965. urteetan, Au Hasard Balthazar idatzi eta errodatuko du, bere ideia original batetik sortuko duen lehen filma, 1966an estreinatuko dena. Urtebete beranduago, bigarren aldiz Georges Bernanosen adaptazio bat burutuko du, Mouchette (1967) hain zuzen. Hurrengo bi filmak Dostoievskiren adaptazioak izango dira, Une Femme Douce (Zilarrezko Maskorra 1969ko zinemaldian) eta Quatre nuits d’un reveur (1972). 1973an Lancelot du Lac grabatuko du, 20 urte lehenago hasitako proiektu bat. Hasiera batetan ingelesez errodatzeko proiektu bat zen, Burt Lancaster eta Natalie Wooden mailako aktoreekin, baina azkenean frantsesez eta aktore profesionalik gabe burutu zen filma, eta 1974 Canneseko zinemaldian izan zuen estreinaldia.

1975ean Notes sur le cinématographe aforismo liburua argitaratuko du. Urte horretan bertan Le diable probablement filmea prestatzen hasiko da, azkenean 1977an estreinatuko dena, Berlingo Zinemaldian Zilarrezko Hartza irabaziz. 1977an L’argent filmaren gidoian lanean hasiko da, bere azken filma izango dena eta 6 urte beranduago, 1983an kaleratuko dena. Bere ondorengo proiektuek ez dute inongo fruiturik emango.

1995ean, bere ibilbidea saritua izango da Academie Français du Cinémak ematen duen René Clair sariarekin. Parisen hilko da 1999ko abenduaren 18an.

Leave a Reply