2020 ABENDUAREN 16AN, 19:00TAN DONOSTIAKO ANTZOKI ZAHARREAN
Datorren abenduaren 16an, VII. Kresala Zinekluba Saria emango zaio Mane Cisneros Festival de Cine Africano – FCAT eko sortzaile eta zuzendariari. Gainera, Afrikar Zinemaren Dokumentazio eta Hedapenerako Laborategia (Sevillako Unibertsitatearekin batera), Cinenómada (afrikar zinema zabaltzeko), VoD kanala eta Al Tarab GGKE-ren (Afrikako arteen arloan kultura kooperazioa) sortzailea da. Baita ere, Afrikar zinema, kultura edota garapenaren hainbat foro eta elkarguneetan parte hartzen du.
Ekitaldia arratsaldeko 19:00tan izango da, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta sarrera doainik izango da, gonbidapenarekin. Gonbidapenak eskuragai izango dira abenduaren 1etik aurrera, Antzoki Zaharrean bertan.
Saria eman ostean MOTHER, I AM SUFFOCATING. THIS IS MY LAST FILM ABOUT YOU filma ikusteko aukera izango dugu.

- Mother, I am suffocating. This is my last film about you. Lesotho. 2019. 76 min.
- Zuzendaritza: Lemohang Jeremiah Mosese
- Gidoia: Lemohang Jeremiah Mosese
- Argazkia: Lemohang Jeremiah Mosese
- Musika: Guy James Cohen
- Aktoreak: Thato Khobotle, Mercy Koetle, Pheku Lisema, Molibeli Mokake, Tsohle Mojati, Napo Kalebe
Emakume batek, bizkarrean egurrezko gurutze bat daramala, afrikako herrialde batetako lugorriak zein kale jendetsuak zeharkatzen ditu. Saltzaile ibiltariak, eskaleak, sumindutako jendea, jende errukitsua… doakio atzetik. Aldi berean, arkume bat, bere artaldea utzita hirigunera iristen da, bertan, harakin baten eskutan, larrututa eta zintzur eginda bukatzeko. Beste nonbait, emakume bat ehuntzen dabil, teilatu gabeko etxe batetan, bere semearen aurpegian kiribilduta dagoen artile hariari tiraka. Filme hau ibilbide soziopolitiko zein sinboliko bat da, bere barne erlijioa, identitatea eta oroimen kolektiboa barne dituena.
One thought on “VII. KRESALA SARIA: MANE CISNEROS”