APIRILEKO PROGRAMAZIOA

Oraingoan, interpretazio berri bat emango diogu apirilari. Askorentzat, Aste Santuarekin du erlazioa, baina guretzat maitasunaren hilabetea izango da. Horregatik, programazio hau amodiozko hainbat istoriok osatuko dute. Haiek erakutsiko digute: norberarenganako maitasunaren indarra, maitasuna zein erraza izan daitekeen, maitasun-krisia eta ondo ikusia ez egon arren, handiagoa egiten den maitasuna.

Gogoan izan murrizketen ondorioz ez dugula ordu finkorik izango saioetan. Ordua, astez aste, iragarriko dugu. Informazio gehiago nahi izanez gero, jarraitu gure sare sozialak eta webgunea. Era berean, gurekin harremanetan jar zaitezkete info@kresalazinekluba.com helbidean.

APIRILAK6: CHUNGKIN EXPRESS (1994)

Apirilak 6an, Wong Kar-Wai zuzendariaren atzera begirakoaren film berri bat ikusiko dugu. CHUNGKIN EXPRESS aurkezteko eta ondorengo solasaldian hari buruz hitz egiteko, Ainhoa Marzol (zinema kritikaria) izango da gurekin.

Honk Kong-eko Tsimhatsui auzo turistikoan kokatzen diren bi amodiozko istorio. Lehenak, maitasun krisi batean murgilduta dagoen polizia baten eta droga-trafikatzaile den femme fatal misteriotsu baten arteko elkartzea deskribatzen du. Bigarrenak, polizia umil eta bakarti baten eta hau bazkaltzera doan tabernako zerbitzari gaztearen arteko maitasun-harremana.

APIRILAK 13: UNA NIÑA (2020)

Apirilak 13an, Sebastian Lifshitz zuzendariaren UNA NIÑA dokumentala ikusteko aukera izango dugu. Aurkezpenean eta solasaldian, gurekin izango da Aingeru Mayor (Tránsitos liburuaren egilea eta Naizen-eko kidea).

Sashak 7 urte ditu eta beti jakin izan du neska bat dela, nahiz eta jaio zenean bere genitalak ikusita denek mutiltzat hartu zuten. Gizarteak porrot egiten du, bere adineko gainerako neskatoak bezala tratatzen ez duelako (eskolan, balleteko klaseetan edo urtebetetze festetan). Bitartean, bere familia ulerkor eta enpatikoak borroka etengabea gidatuko du aurreiritzi sozialen zurruntasun bortitzaren aurrean. Bere ezberdintasuna, mundu guztiak uler eta onar dezan nahiko dute.

APIRILAK 20: SUK SUK (2019)

Apirilak 20an, fikziora itzuliko gara. Giza Eskubideen Zinemaldiarekin elkarlanean, Truebako pantailan Suk Suk filma proiektatuko dugu. Aurkeztera, Silvia Cruz (Vitrine Filmes) hurbilduko da.

Park, 70 urteko taxilari bat, emaztearekin bizi da. Haien semea pozik bizi da ezkonduta, badu haur jaioberri bat, eta haren alaba haurdun dago, ezkontzekotan. Hoi bere seme erlijiozale kristauarekin eta haren familiarekin bizi da, emaztearengandik banandu berri baita. Bi gizonak Hong Kongeko kaleetan topo egingo dute. Park eta Hoi maitemindu egingo dira, eta posible ikusiko dute etorkizunean elkarrekin egotea.

Leave a Reply