VIII. KRESALA SARIA: JUANMI GUTIERREZ ETA KANY PEÑALBA

2021 ABENDUAREN 20AN, 19:30TAN ANTZOKI ZAHARREAN (DONOSTIA)



Datorren abenduaren 20an, VIII. Kresala Zinekluba Saria emango zaio Juanmi Gutierrez eta Kany Peñalba-ri. Biak aspalditik hasi ziren filmak elkarrekin egiten. Film pertsonalak ziren, ttipiak, biek bakarrik eraikitzeko tamainakoak. Juanmik filmaren errealizazioa burutzen zuen eta Kanyk atzetik lagundu izan dio beti: gidoiaren berridazketan, filmaren ekoizpenaren garapenean, filmaketan laguntza,… Errealitatearen poesia, humanitatea eta gertutasuna esploratu dute haien filmetan.

Ekitaldia arratsaldeko 19:30tan izango da, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta sarrera doainik izango da, gonbidapenarekin. Gonbidapenak eskuragai izango dira abenduaren 1etik aurrera, Antzoki Zaharrean bertan.

Saria eman ostean TABULA RASA filma ikusteko aukera izango dugu.


  • Tabula Rasa. Euskal Herria. 2004. 59 min. 
  • Zuzendaritza: Juanmi Gutiérrez
  • Gidoia: Juanmi Gutiérrez
  • Argazkia: Juanmi Gutiérrez
  • Ekoizpena: Kany Peñalba

Antzinako greziarrek, euren idazkietarako, zurezko marko batzuk erabiltzen zituzten, gainean argizari likidoa isuriz. Solidotzean, gainazal lau bat osatzen zuen argizariak, puntzoi baten bidez grabatu zitekeena. Taulatxo horiei Tabulak deitu zieten, eta oraindik erabili ez zirenean “Tabula Rasa” ziren, orri zuriak. Aristoteles filosofoak adierazi zuenez, “…ume baten adimena Tabula Rasa bat bezalakoa da, eta bertan ez dago ezer idatzita”. Teoria hori pertsonaren azalari aplikatu diot. Jaioberria azal leunarekin dator mundura, markarik gabe; ondoren, bizitzak geografia liluragarriak inskribatzen ditu bertan.

Leave a Reply